XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUTSI EUSKARARI, EUTSI BORROKARI! FERMIN SANCHEZ (AEKko irakaslea)

Ez da, zinez, aisa egiten ahal ARGIAko lagunek eskatutakoa ondo betetzea, 88-89 urtean Alfabetatze-Euskalduntzeari buruzko ene balorazio pertsonala plazaratzea.

Hala ere, hala nolako zirriborroa idatzi dut, konsziente izanda ondoko balorazio eta ikuspegiak guztiz pertsonalak (eta eztabaidagarriak, jakina) direla.

Zortzi gogoeta labur bururatu zait: 1.- Urtea bi hitzetan definitzekotan, ez da zalantza izpirik: latza eta garratza.

Ez da tenorea optimismo haundiegietarako (Euskalduntze-Alfabetatzean orohar eta AEKn bereziki).

Egoeraren gordina aitortu beharrean gaude, eta zergatien arakatzeari ekin, mingarria izan badaiteke ere.

2.- Urte latza, dudarik gabe, berriro jeitsiera latza nozitu dugulakoz.

Eta ez AEKn bakarrik, eta ez AEKn bereziki.

Orain dela bi urte alarma gorria piztu bazen, beherunzko joera iraunkortu egin da.

Argi dago Instituzioetatik behin eta berriro aipatzen dizkiguten normalizazio eta integrazioa ez direla nehondik ere euskararenak.

3.- Egoera latza, egoera honen aintzinean, hots, Euskalduntze eta Alfabetatzearen aurrean Instituzioek, eta azken hauek sostengatzen dituzten alderdiek lagundu beharrean, inoiz baino eraso, oztopo, traba eta azpijoko gehiago burutu dituztelakoz: AEK Nafarroan subentziorik gabe utziz Dekreto Foralaren bidez, HABEren ebazpena are eta zitalago bilakatuz, Korrikaren kontrako frente anti-euskaltzalea PSOE-PNV-UPN-EA eta EEren eskutik etab., etab....

4.- Urte garratza, guzti honen erdian AEK gatazkan murgildua zegoelakoz, eta anai-arreben liskar amaigabeekin ahitzen zirelakoz gure indar apurrak.

AEKren baitan izandako Nafarroako zenbait zentroren kanporaketaz ari naiz, noski, eta elkartasunez Gasteiz eta Errioxakoek buruturiko uzteaz.

Aspaldiko kontua izan da AEK erakunde - AEK koordinakunde eztabaida zahar bezain zakar hau, azken Mintegian nabarmendu zen argiro kontraesanak ia konpartezinak zirela.

Nafarroan PSOE-UPNk buruturiko xantaia ekonomikoaren aitzinean kontraesan guzti hauek lehertu ziren indar izugarriz, guztiok ezagutzen ditugun ondorio triste eta deitoragarriekin.

Praktikak argituko du bi apostu eta proiektuen arteko ezberdintasunak zer nolakoak diren, eta denborak orbanduko bi aldeetan izandako zauri organizatibo, ideologiko eta (zergatik ez?) pertsonalak.

Bizkitartean, bai AEKk eta bai bertze zentroek lanari ekin behar diogu, eta erakunde berberean elkarlana ezinezko bilakatu bazen ere, agian bertzelako koordinazio edo elkarlan mota lortzeko ahaleginak egiteko tenorea eta aukera bilatu behar, EKBren bidetik.

5.- Hodei ilunen gainetik, badira ere esperantzarako arrazoinak: lehenengo eta behin, Euskal Herriak Korrikari emandako erantzun bikaina, alderdikeria eta paktu guztien gainetik Euskara dagoela argi eta garbi adieraziz.

Bigarren, AEKk hartutako borrokabidea, azken urteetako loaldi eta moteltzearen ondoren.

6.- Hala ere, Euskararen eta Euskal Herriaren hizkuntz genozidioa ez da gelditu, bere herio abiadura moteldu dugu, besterik gabe, eta Konstituzio-Estatuto-Amejoramendu 10 urte hauek ez dute, funtsean, ezer konpondu hil ala biziko auzi honetan.

Testuinguru honetan zinez gaitzestekoak dira Euskararen etsai amorratuak diren PSOE-UPNrekin zenbait alderdik sinaturiko paktuak (eta bere klausula sekretuak ahantzi gabe).

7.- Euskalduntze Alfabetatze arloan, ez dago Euskal Herria berreuskalduntzerik HABE eta Dekreto Forala suntsitu gabe.

Bi milioi baino gehiago euskaldundu eta 500.000 alfabetatu behar delarik, Naziogintzarako ezinbesteko den eginkizun horretarako herri osoaren mobilizazioa behar delarik, Instituzioetatik (hots, PSOE-PNV-UPNtik) egiten den planteamenduak izen bakarra badu, ene aburuz: hizkuntz genozidioa.

8.- Ez dut hau bukatu nahi, nehola ere, etsipenaren solasez.

Betidanik suertatu den moduan, Euskararen etorkizuna euskaltzaleon batasun, erakuntza eta borrokan datza bereziki, eta ez beste nehon.

Bitoriano Gandiagaren ele zorrotzez probesturik, demadan hemen ez dagoela Euskararen aldeko borroka bezalako askatasun itxarobiderik, Euskal Herri euskaldun eta batua erdietsi arte... eta kitto!.